sábado, 31 de marzo de 2012

Peter Pan

Burua bakarrik zuen izaretatik at berarentzako handiegia zen ohe bigun hartan. Bi manta bere gorputz txikiaren gainean, lo egiterakoan pisu hura sentitzea gustatzen baizitzaion, segurtasun sentsazio goxoa eskaintzen zioten antza hartzdun bi manta zahar horiek. Horrela zegoen bada, hain berandutzat hartzen zituen gaueko bederatziretan, bere amatxo logelara sartu zenean, gauero ematen zizkion mila musuak emateko eta ahots kantariz desiatzeko aingerutxoekin amets zezan. Pasa ziren erritual hartako hamabost minutuak eta ama logelatik irtetzera zihoanean, umeak lokartu orduko helduek errekuperatzen duten bizitza horretako gauzatxoak egitera, ume politari azken begirada bota zionean, malkoak ikusi zituen haren masailetatik behera. Negarrak arnasa hartzea zailtzen zion arren, asmatu zuen azkenean, munduan gehien maite zuen pertsonaren begietara begira, azaltzea bere beldur sakon haren arrazoia. Ez zuen hazi nahi. Ume izan nahi zuen betiko. Denbora gelditu eta bere ohean berarekin gauero amesten zuen untxi zuri harekin betiko egon, manta horiek eta amaren musuek zaintzen zutelarik.



Urteak pasata berriro datoz bere burura untxi hura, hartzdun manta zaharrak eta amaren musuak. Baina batez ere, ezin du burutik kendu denbora betiko gelditzearen ideia.