martes, 23 de junio de 2015

Lainoak, olatuak, mendiak; bizitza, finean.

Ihesi doaz lainoak gure buruetatik haratago. Batzuek ur tantak uzten dituzte gure zelaietan oroigarri gisa, beste batzuek begietan soilik antzemateko moduko itzal isil eta lotsatia baino ez. Badira, hala ere, mota berezi batekoak baita, eguzki izpiei pasu ematen dieten horiek; nahiz eta eguna gris esnatu hasperen batean argitzeko gai direnak.
Azken hauek maite ditut nik; edozein delarik haien forma eta kolorea, haien tamaina zein dentsitatea.

Maite ditut itsasoko olatu bortitzak maite ditudan era berean: haien barrenean harrapatu eta barrua oso-osorik mugitzen dizkizuten olatuak, zure mundua atzekoz-aurrera eta goitik-behera aldarazten duten olatuak hain zuzen.
Maite ditut aldapa bortitzez eraikitako mendiak maite ditudan era berean: tontorretik harrokeriaz begiratzen dizuten mendiak, zure neke aurpegia ikustean barrez lehertzen diren mendiak hain zuzen.

Izan ere, lainoek eguzkiari bide ematen dioten antzera, itotzeko zorian egon den olatuak oxigenoari ematen dio paso zure birikietan eta zure hankak eta pazientzia akabatzearekin mehatxatu zaituen mendi-tontor garaiak, harrotasun, kemen eta indarrari ematen die ongietorria.

Hori da ba, azken finean, bizitza: gudaren ostean, bakea; borroka eta gero, atsedena; oztopoak pasata, lasaitasuna; arriskua gainditzean, segurtasuna.

Sebastiao Salgado- Génesis.